Herriko merkataritzari
eta merkatariei atxikimendua
adierazteko festa

Nik Oarsoaldean kanpainaren barruan, eta Errenteriako Errenkoalde elkarteak, Oiartzungo Itturri elkarteak eta Pasaiako Laurak Bat elkarteek antolatuta, Oarsoaldeko merkataritzari babesa adierazteko festak egingo ditugu hiru herrietan azaroaren 22tik 30era bitartean. Nik Errenterian, Nik Pasaian, eta Nik Oiartzunen goiburupean egingo dira aipatutako festak.

Jakina da gaur egun tokiko merkatari txikien egoera ez dela batere ona. Baina eskualdean herriko denden egoera kezkagarriarekin bat egiten duzuenak eta egunerokoan zuen babesa adierazten diguzuenak asko zarete. Horregatik, zuen babesa eskertzeko eta zuen atxikimendua eskatzeko antolatu ditugu festa hauek.

Kontuan hartu behar da Errenterian, Oiartzunen eta Pasaian 750 establezimendu komertzialetik gora daudela. Esan beharrik ez dago horrek eragin zuzena duela eskualdeko ekonomian, enpleguan eta garapenean.

Eman zure atxikimendua

Tokian tokiko merkataritzak dituen mehatxuen aurrean eta gizartean garatzen doazen erosketa modu eta ohitura berrien aurrean, merkatari txikiak etenik gabe ari gara lanean, gure baloreak gizarteratzeko eta balioan jartzeko.

Festa hauetan, oso garrantzitsua izango da hiru herrietako bizilagunen partaidetza. Hiru festek ardatz berdin bat izango dute: kanpainaren kartel identifikagarri batekin argazkiak egiteko photocall bat. Nik Errenterian, Nik Oiartzunen eta Nik Pasaian dioten kartelak eskuan, herritarrek bakoitzak bere herrian erosten duela adierazi ahal izango dute. Hala, herriko merkataritzari eta merkatariei haien atxikimendua eta babesa adierazi ahal izango diete.

Errenteriako festa azaroaren 22an egingo da, Gamon pasealekuan, 17:30ean hasita. Pasaian bi festa egingo dira: lehena azaroaren 23an, Gure Zumardia pasealekuan (Antxo), eta bigarrena azaroaren 30ean, Trintxerpeko Euskadi Etorbidean. Bi festak 11:30ean hasiko dira. Oiartzungo festa azaroaren 29an izango da, 16:30ean hasita.

Ekitaldi bakoitzaren amaieran argazki guztiak beheko estekan bilduko ditugu. Elkarte bakoitzaren sare sozialetan ere zabalduko ditugu, bakoitzaren Facebook eta Instagram orrietan.

Beraz, egizu zuk ere bertako merkataritzaren eta merkatari txikien aldeko apustua, atera argazkia eta partekatu zure sare sozialetan!

Send this to a friend